GU ETA GURE HARREMAN NAZKAGARRIAK...
Pasa den asteburuan, Aranbizkarrako txozna gunean eraso sexista bat eman zen, horrela ulertzen dugu M-ak asanbladatik. Oraingoan ez zen egunkarietako inizial anonimoen kasua izan, oraingoan, gure artean bizi, borrokatu eta parranda egiten duten gazteen artean gertatu zen. Beraz, GURE arazotzat jotzen dugu.
Gure ustez gertatutakoa ez da “anekdota” isolatua, baizik eta harreman eredu baten ondorioa. Horregaitik egoeraren zehaztapenetatik haratago, erasotzaileak izan behar duen “zigorretik” haratago doan hausnarketa beharrezkoa da. Eztabaida serio bat eman dadin beharrezkoa da bi pertsona zehatz baino gehiago barnehartzea, komentario morbosoak edota ondorio sinplistak gainditzea.
Gure ingurua gazte antolatuz osatua dago, esparru desberdinetan borrokatzen garen neska eta mutilez. Onerako eta txarrerako, Gasteiz, herri txiki baten moduan bizi dugu, guztiok dugu elkarren berri, guztiok gara ezagunak... jai eta aldarrikapen gune guztietan elkar nahasten gara. Baina “gurea” ez da giro isolatua, gizartearen rollak birproduzitzen ditugula deritzogu “gure-ra” moldatuz. Hau da, gurean badira patriarkatuak inposatutako mutil rollak eta neska rollak, baina askotan ederki mozorrotzen ditugunak.
Gurean, mutilak, gogorrak izango dira, ausartak, sentsibilitatea garatzeko arazoak izango dituztenaik, bortitzak... hori bai, oso oso oso iraultzaileak! Neskok, gure papera beteko dugu, gure itxurarekin konstanteki kezkatuak, ahulak, emozionalak, dependienteak... hori bai, oso oso arduratsuak eta iraultzaileak ere!! Panorama hau oinarri harturik, elkarnahasten gara, harreman sanoak garatzeko aukera gutxirekin.
Besteek ni gustoko izatea bilatuko dut eta era berean, besteak roll hortan gogoko izatera ohituko dut nere burua, hori baita gure giroan modan dagoena. Kutxiko mutil gaiztoak eta neska politak. Orain ohartzen gabiltza, heterozentrismo hori gainditu ezinik, elkar topatzen garela. Zertarako? Lagun izateko? Sexu harremanak izateko? Parranda elkarrekin egiteko? Eztabaida aberasgarri bat izateko?
Zaila da horrelako ezer lortzea, bestearekiko errespeturik ez dudanean, itxurakerian oinarritzen direnean gure hartu-emanak, geure buruak ondokoarekin konparatuz neurtzen ditugunean, hau da, harreman superfizialekin konformatzen garenean. Ta lagunok.... konformatu egin gara. Bestela ezinezkoa izango zen “esa es una zorra” edo “solo es para un polvo” edo “se estaba cebando pero estaba ciego” bezalako komentarioak gure artean onartzea, normalizatzea. Ostiralekoa bezalako egoera bat eman behar da konturatu gaitezen... orduan errudunei abizenak jartzen dizkiegu, biktimei ere... Honekin ez dugu erasoa aitzakitu nahi, baizik eta guztiok dugun erantzunkizunaz ohartzea. Guztiok elikatzen ditugu jarrera hauek, guztion betebeharra da egoera nazkagarri honi topea jartzea.
Gure kolektibotik eztabaidara gonbidatzen zaituztegu, zuen kolektibo eta lagunartean. Baina ez hitz antzuetan gera dadin, gure arteko harremanak birplanteatzeko baizik, guk geuk elikatzen ditugun rol horiek... gure buruak irauliz bakarrik lor dezakegu patriarkaturaren aztarna guztiak ezabatzea, gure buruetatik, gure taberna edota borroka esparruetatik. Gertatutakoa, inoiz gehiago gerta ez dadin balio behar du, hortarako baliabideak jar ditzagun. Neska mutilen artean, neska eta neska edota mutil eta mutil artean harreman sanoak lortzeko. Sexismoa, iraultzaile beharko lukeen giro batean lekurik izan ez dezan.
Gonbidapena egina dago beraz...
GURE BURUAK IRAULIZ, ERASO SEXISTAK ETEN!
No hay comentarios:
Publicar un comentario